ERREBOTEA

Errebotearen nondik norakoak ezagutzeko asmoz? Sartu blog-era!

Plaza irekiko frontoia


Plaza irekiko frontoiak Iparraldean, Billabonan eta Zubietan baino ez dira aurkitzen, eta  ez dago eredutzat har daitekeen plaza irekirik; horma bertikal bat edo bi izan ditzake, bata bestearen aurrean eta elkarrekin paraleloan, eta neurri ezberdineko kantxak daude.
Instalazioak oinarrizko hiru atal ditu: frontisa, kantxa eta errebotea.

-Frontisa:
 16m inguruko zabalera eta 10m inguruko altuera dituen frontoiaren aurreko horma da, estilo barrokoko goialdea duena.
Frontisak bi marra bertikal ditu sakearen eremua mugatzeko. Sakean, pilotak bi marra horien artean jo behar du; hortik aurrerako jokaldietan, pilotak ez du zertan bi marren artean jo behar.


Plaza ireki batzuetan, Billabonakoan adibidez, frontisa eraikin baten horma da. Leihoak eta hauek babesten dituzten hesiak daudenean, beraz, frontisaren zati dira, eta pilotak horietan jotzean sortzen dituen efektuak guztiz onartuta daude.

-Kantxa:
Luzera ezberdineko kantxak dauden arren, 90 eta 100m arteko luzera izatea da arruntena; zabalera, bestetik, frontisaren berdina da (16m).
Kantxa bi eremutan dago banatuta, frontisetik 32m-ra kokatuta dagoen marra baten bidez; marra horri pasamarra deritzo. Ondorioz, frontisaren eta pasamarraren arteko kantxa eremuari erresto eremua eta pasamarratik atzeragoko eremuari sake eremua deritze. Pasamarra, bi joko-errol horien banatzailea izateaz aparte, botarria kokatzeko lekua da.
Sake eremua ez dago azpi-eremu gehiagotan banaturik eta erresto muga izeneko marra batean edo errebote izeneko horma, etxebizitza edo bestelako eraikin batean bukatzen da.
Erresto eremuak, aldiz, frontisetik 5,50m-ra paraleloan dagoen marra batek sortutako azpi-eremu bat du, barne izenekoa. Barneak, gainera, frontisak dituen bi marrek kantxan margotuta duten luzapenen bidez sortutako beste azpi-eremu bat du, zeinetan sakea burutzean, frontisa jo aurretik zein ondoren, pilotak punpa eman behar duen. Eremu txiki horri, arrizabal deritzo. 
Azkenik, barnearen eta pasamarraren arteko zatiari arraien eremua deritzo.

-Errebotea:
Kantxaren luzera mugatzen duen horma da, frontisarekin paraleloan dagoena.
Frontisaren kasuan bezala, errebotea eraikin bat bada, etxe horren egitura guztiak jokoaren espazio eremutzat hartzen dira. 
*(Argazkiko errebotea, Zubietakoa, horma zuria baino ez da, hau da, eliza ez da frontoiaren zatia).


No hay comentarios:

Publicar un comentario