ERREBOTEA

Errebotearen nondik norakoak ezagutzeko asmoz? Sartu blog-era!

Errebotearen arauak


Errebotea jokamolde zuzena da, beraz, errebotelariek aurkariaren joko-eremura bidali behar dute pilota, pilotak frontisa edo errebotea jotzeko beharrik gabe.

-Tanteo sistema: 
Puntuazioak, jokotan oinarritutako sistemari eusten dio oraindik ere. Jokoa kintzetan banatzen da, tenisean bezala. Berrogeina berdinduz gero, “ados” esaten da eta bi taldeak 30nako berdinketan geratzen dira. Jokoa ez da amaituko bi taldeetako batek bi kintze jarraian lortzen dituen arte. Partidak irabazteko 13 joko irabazi beharko dira. Talde biak 12 jokora berdinduta badaude, partidak 3 jokoko luzapena izan dezake.


-Kintzea: 
Bi modutara egin daiteke kintzea: 
Sakea egin duen taldeak huts egin duelako, eta sakeko joko eremutik jaurtitako pilota ez delako errestoa egiten duen taldearen joko eremura iritsi. Halaber, huts egindako pilotak, joko-eremutik kanpokoak, barnearen barrukoak edo sake-eremutik etorrita barnean pirritaka dabilen pilotak, kintze bateko zigorra ekarriko dio errestoa egiten duen taldeari. Azkenik, zoruan punparik egin gabe, pilota alboetako mugetatik kanpo bidaltzen duen taldeak kintze bateko zigorra jasoko du.

Talde batek, jokaldi berean, pilota beste eremura bidali baino lehen hau bi aldiz jotzen badu, beste taldeak kintze bat lortuko du zuzenean; jokaldi honek "piedre" izena du.

-Arraia:
Arraia, nolabait esateko, beranduago jokatuko den kintze bat da. Kintzea bezala, bi eratara lor daiteke: Batetik, sakea egin duen taldeak tantoa irabazi duelako; eta, bestetik, errestoa egin duen taldeak falta egin duelako. Elementu hau oso garrantzitsua da errebotean; izan ere, joko eremu zail samarra utzi eta hobea hartzeko aukera ematen du, jokoa berdinduz eta interesgarriagoa bihurtuz. 

Arraiak egiteko modu desberdinak topa ditzakegu:

1. Sakatzaile taldearen joko-eremutik errestoa egiten duenaren joko-eremura pirrika sartzen diren pilotak, barnera iristen diren pilotak ez ezik.

2. Errestoko joko-eremura iritsi baino lehen, sakeko joko-eremuko jokalariek gelditutako pilota.

3. Sakeko joko-eremutik bidalita, errestoko joko-eremuan sartu, sakeko joko-eremuan edo errestoko joko-eremuan punpa bat edo gehiago eman, eta, jarraian, barnearen eta pasamarrako marren artean alboetako mugetatik kanpora doazen pilotak.

4. Errestatzaile batek huts egin, eta barnearen eta pasako marren artean gelditzen diren pilotak, edo gutxienez punpa bat eman ondoren barnearen eta pasamarraren arteko eremuaren alboetako mugetatik kanpora doazen pilotak.

5. Errestatzaileak ezin duenean sakea lehenengo punpan eraman, edo, behin jasota, barnearen eremura edo alboetako mugetara eramaten badu, frontisaren eta pasamarraren arteko eremuan punpa egin ondoren. Pilota pirrika doanean, pilota inork gelditzen ez badu, pilota bera gelditzen den tokian markatuko da arraia; jokalariren batek gelditu ezkero,ordea, jokalari horren oinpean markatuko da; eta, azkenik, errestoa egin behar duen taldeko jokalariak ukitu duen tokian, pilota airez edo lehenengo punpan hartzen denean, pilota jaso den lekuaren eskuinaldean markatu behar da arraia, edo alboetako mugak zeharkatzen dituen gunean. 

Joko batean bi arraia eginez gero, joko-eremuz eta rolez aldatuko dira jokalariak. Aldaketak, joko batean, beste bi arraia lortu arte iraungo du. Arraia bat badago eta talderen batek 40 markatzen badu, joko eremu aldaketa egongo da berriro ere. Joko-eremu aldaketa egin ondoren jokatzen diren lehenengo tantoetan, arraien kopuruaren arabera, pasamarra aldi baterako aldatuko da. 
Arraia dagoen lekuan pasamarra markatuko da. Honi arraia edo arraiak jokatzea deritzo, eta hau jokatu ondoren, pasamarrak bere zereginari helduko dio berriro. Arraia batean jokatzen den tantoa, kintze batekin baino ezin da bukatu. Joko berean bi arraia daudenean, lehenengo egin dena jokatuko da aurrena.




-Sake-errestoa: 
Txanpon baten bidez erabakiko da, atera den kolorea duen taldeak erabakiko baitu zein eremutan hasiko duen bakoitzak partida.  Sakatzaileek joko-eremu handiena defendatu beharko dute, beraz, beste euskal pilotako modalitate gehienetan ez bezala, sakea egiteak ez du abantailarik ematen. 
Gainera, sakea frontisetik 32 metroko distantziara, botarria erabiliz, eta eskuarekin  gauzatuko da. Hala ere, sakatzaile espezialista batek beti lortuko ditu abantailak. Sakean egoera hauek ageri dakizkiguke:

 1. Errebotea: Pilotak barnean jotzen du aurrena eta gero frontisean. Jokaldi hau baliozkoa da, eta errestatzaileek pilota itzultzerakoan pasamarra gainditzen ez badute, sakatzaileek “arraia” edo “kintzea” lortuko dute, kasuaren arabera.

 2. Paretz: Pilotak frontisean jo eta gero, barnean punpa egiten duenean. Jokaldi hau ere, ontzat jotzen da.

3. Pik: Pilotak frontisak eta barneak sortzen duten angelu diedroan jotzen duenean gertatzen da, pilota ia itzulezina bihurtuz. Tantoa lortzen da zuzenean.

4. Sake bidezko faltak: Pilotak arauek markatzen duten eremuen kanpoaldean jotzen duenean gertatzen da

Errestoan eman daitezkeen kasuak:

  - Errestatzaileak pilota joko-eremuen mugen kanpo jaurtitzen du.

  - Errestatzaileak ez du pilota ukitzen, edo ez du barneko eremua markatzen duen marratik ateratzea lortzen. Arraia seinalatuko da marra konkretu horretan.

 - Pilota lehendabiziko punparen ondoren ez harrapatzen. Arraia aurreko kasuan bezala.

 - Errebesez errestatzea arrazoi barik. Arraia betiko marran.

 - Errestoak pasamarra ez gainditzea. Arraia lortuko dute sakatzaileek pilota gelditzen den marran.




- Peloteoa: 
Sakea egin ondoren eta errestaztaileak pilota ondo itzuli ondoren  pilotaren elkartrukatzea hasten da. Talde errestatzaileak, pilota aurkarien joko-eremuko zatirik urrunera eramaten ahaleginduko dira, kontra-errestoko hormatik ahalik eta hurbilen kokatuz, sakatzaileek pilota itzultzeko zailtasunak izan ditzaten. Horretarako, eta pasamarra zaintzen duten guantistek pilota harrapatu ez dezaten, jaurtiketa parabolikoak ematen dira. Honela, pilota itzultzea oso zaila izango zaie aurkariei, eta itzulera ahulak lortzen badira, tantoa errematatzeko aukera gehiago sortuko dira.



No hay comentarios:

Publicar un comentario